Nafarroako ikastolen lehendakari denetik euskal hezkuntzari bere lekua eta izaera ematen dihardu Pello Irujok. Eraso politikoen gainetik gure seme-alaben hezkuntza blindatu behar dela dio, eta honekin batera «ikastolen kideen arteko batasuna» oinarri-oinarrizkoak direla adierazi du «azterketa» gisara hartzen duen Nafarroa Oinezen bezperetan.
Hamar hilabete daramatzazu karguan, zein gogoz, zein asmoz hartu zenuen NIEko lehendakari izateko erronka?
Argi neukan aurrekoek egindako lana eta jarritako inplikazioa oinarri-oinarrizkoak zirela. Gainera, ilusioz, baina karguak exijitzen duen erantzukizunez hartu nuen. Hortik abiatuta niretzat jomuga gure txikiak dira, ikastoletan ikasten ari diren eta ikasiko duten gure seme-alabak. Etorkizunera begirako espirituarekin sartu nintzen, betiere dagoenaren eta egin denaren esentzia galdu behar ez delarik. 'Ikastola' marka zein den argi daukat.
Zein da gaur egun NIEk bizi duen egoera?
Zenbaki hutsetan hitz eginda, Nafarroan 15 ikastola gara, 6.500 ikasletik gora, 610 profesional, eta, familiak 4.500 dira. 10.000 ikasle ohi dagoela esan dezakegu, faktoria bagina, beste horrenbeste euskaldun produzitu edo ekoitzi egin ditugu, Nafarroan, gizartean, Euskal Herrian. Esan nahi dudana da 10.000 euskaldun atera direla ikastoletatik, gure ibilbidean zehar. Hori datuei dagokienez. Egunez egun dauzkagun eginbeharrei begiratuta, ikastolen arteko harremanak sustatzea eta kudeatzea tokatzen zaigu. 15 ikastola dira, eta bakoitzak egoera propioa bizi du. Horregatik etorkizunera begira erronka polita daukagu, ikastolen etorkizuna gidatuko duen proiektua osatzen.
Denbora honetan zein pauso eman dituzue?
Lehenik eta behin barne komunikazioa lantzera eta hobetzera ekin genion. Batez ere gainontzeko ikastolen elkarteekin. 2009tik, arrazoi desberdinengatik, NIE eta EHIren arteko harremana ez zen guztiz sanoa, eta hori hobetzeko asmoa genuen. Bestetik gure elkartearen barnean ere, oinarri komunikatiboa zuen arazo bat zegoen, gurasoen eta profesionalen artekoa. Bi kolektiboen artean haustura nabaria zen eta hori konpontzea ezinbestekoa genuen. Honetaz gain langileen hitzarmena zahar berritu beharra zegoen. Hiru horiek arazo nahiko zaharrak ziren eta hilabete hauetan konponduz joan gara. Gauzak horrela, NIE eta EHI harremanak sendotu ditugu, eta langileen sindikatuekin harremanak sendotu ditugu eta behintzat orain feedbacka badaukagu. Gainera, urteak generamatzan ikastolek, gainontzeko zentro kontzertatuen antzera, dedukzioak lortu nahian, hau da, gure gurasoek PFEZa egiteko garaian dedukzioak edukitzea. Hauek, azken finean, kooperatibistak dira, eta diren heinean, euren eskubidea da horiek lortzea.
Eta, hezkuntzari dagokionez?
Hezkuntza arloan bi ardatz berritzailetan gabiltza murgilduta. Bata etorkizuneko proiektua da eta bestea jada martxan dagoena. Etorkizunera begira NAIA proiektua abiatu dugu. 15 ikastolekin lan egingo dugu, eta jada gehiengoarekin bildu gara. Pedagogian, erlazionalean, kudeaketan, ekonomian eta aholkularitzan oinarritutako proiektua da. Momentuz ezin dut askoz gehiago esan, baina ikastolak izan direna eta izango direna zehaztuko du. Daukagun onena eta eman dezakegun onena aterako duena. Federazioaren argia izango da, aurrera pausoa eta iparrorratza. Beste proiektua Nabarralderekin lortutako akordioa da. Nafar ondarea eta historia lantzen dituen elkarte honekin, material didaktikoa eta ikastaro ofizial bat hitzartu ditugu. Ikastaroak unibertsitateko ikasleei, prestakuntza osagarria eskaintzeaz gain, kredituak lortzea ahalbidetuko die. Hauetaz gain, nola ez, ezin dugu Nafarroa Oinez ahaztu.
Zein da, oro har, ikastolen egoera?
Nafarroa oso desberdina da eta, beraz, ikastola bakoitzaren egoera desberdina da. Kokapenak gauzak markatu egiten ditu, bai sozialki, baita kulturalki ere. Euskararentzako eta euskaldun izateko, tamalez, oso leku desberdinak dira, eta ez da berdina Lesakan edo Tuteran. Gure ikastoletan indar berdina jartzen dugu, eta metodo pedagogiko parekoak garatzen saiatzen gara. Gure curriculum propioa daukagu, eta legea betetzen dugu, nahiz eta legea ez den gure ardatza. Ekonomikoki eskola batzuk itoago daude, zenbait gasturi aurre egin behar dietelako, baita inbertsio gutxiago dutelako ere. Honek Vascuence-aren Legeak baldintzatzen du. Horregatik Oinezen %45 hegoalde partean kokatzen dira. Ez da kasualitatea ere, 15etik 6 ikastola eremu ez euskalduna delakoan egotea, izan ere hor behar da gehiago euskalduntzea. Legearen arabera ere desberdinak dira ikastola horiek. Hor dator gure eguneroko lana eta aldarria. Guk argi daukaguna da ikastola gure seme-alabak direla, ikasleak, eta guztia haiei begira egin behar dugula.
Hori al da ikastolen bandera?
Lehenengoa behintzat bai; hemen gaude gure seme-alabentzako. Baita eleaniztasuna eta baloreak ere. Hori da gure oinarria, hezkuntzarekin batera. Bigarrenik, baina maila berean, hizkuntza dago. Euskara eta euskal kultura. Gero, kooperatibismoa. Hizkuntza eta kultura kooperatibak gara. Gure eredua soziala da. Hamabost ikastolen artean, 100 aktibitate baino gehiago ditugu, 100 ekimen. Esan nahi dut eskola bakoitzak 4-5 egun dituela bere herrian edo eskualdean ospatzeko. Ekimenak kalitatezkoak dira gehienak. Eta azken ikurra historikoa da, euskal hezkuntza, asmatu genuen, eta presio hori daukagu, ezin gara ataskatu, baina ezta ahaztu ere. Herri honetan hasi zen eta ezin dugu herria alde batera utzi. Gure seme-alabek etorkizuneko Nafarroa egingo dute, hobe bat, baloreetan oinarrituta eta sozialagoa.
Kanpora begira, zein da Nafarroako ikastolen egoera?
Hiru administrazioetan (Nafarroa, EAE eta Iparralde) dagoen eskola eredu bakarra da ikastolena. Curriculum eta material bera lantzen dugu, eta horrek indartzen gaitu. Hiru administraziotan egonda oso desberdina da egoera. Baina ez nuke desberdintasun nabarmenik egin nahi. Bakoitzak gurea baitaukagu. Ezberdintasunak legalak eta ekonomikoak dira batez ere, eta hor administrazioen jarrerak zerikusia dauka; ezin da EAEkoen egoera Iparraldekoekin edo gurearekin konparatu. Dena den, aurten estatu mailan lehen aldiz, Nafarroa ikastola batek ordezkatuko du estatu mailako Kalitate Kongresuan.
Ikasturte hasiera honetan LOMCE izan da hizketagaietako bat, zein iritzi duzu?
Onartezina eta atzerakoia da. Eta sei ardatzetan oinarritzen naiz hori esateko: Lehena, kontsentsu faltarekin egina. Hezkuntza lege batek transbertsala izan behar du. Norabide guztietan osatua. Hitz egin behar da. Hezkuntza ez da lau urtetako kontua, bizi osorako kontua da. Garaietara moldatu behar da hezkuntza eta ez du alderdien lege bat izan behar. Hezkuntzarako lege aldaketak klase guztietara hedatzen dira, eta hori zorakeri hutsa da, gure seme-alabez hitz egiten ari gara. Bigarrena, hezkuntzarekin kontuz ibili behar da, hezkuntzak blindatuta egon beharko luke. Alderdien lana hori da. Ezin da kanpaina politikorik onartu hezkuntzan. Hirugarrenez, eta edukiei dagokienez ere, edukiak ez dira onargarriak. Talde lana, teknologia, globaltasuna… ezin dira landu. Konpetentzia horiek ezin dira landu, edukiak soilik onartzen ditu eta egun, haurrek konpetentziak behar dituzte. Laugarrenez, ikastolen izaera urratzen du. Euskara ez da ardatza, gure eredua ez da bateragarria. Bosgarren puntu bezala, kanpoko frogarik ez dugu onartzen. Kanpo frogak kontrolatzeko jarri dituzte, DBHn eta LHn. Ez dituzte ikasteko jarri, baizik eta kontrola emateko. Kontrol "de castigo" esaten dena. Kontrolek informazioa izan behar dute, ongi edo gaizki dagoena ikasteko. Eta azkenik, eskola porrota dauka helburu. Diskriminatu nahi du. Eta ez hezkuntza parekatu, edo eskura jarri.
Azken egunetan berriz Nafarroako Gobernuak liburu hainbat erretiratzeko hartutako erabakia dabil bolo-bolo.
Guretzat sorpresa handia izan zen 22 liburu horiek debekatzea. Gure ustez ez da bidea. Ez dugu ulertzen. Esan bezala, hezkuntzak blindatua egon beharko luke eraso politikoetatik. Ez gaude ados gertatzen diren ekintzekin. Orain dela urte batzuk salaketa jarri eta galdu genuen. Bidea zaila da, zaila eta luzea. Gainera, indar handia eskatzen du. Harritzekoena da liburuen kontuan ez daudela soilik euskal argitaletxeak sartuta, baita beste batzuk ere, adibidez Santillana. Eta gure kezka da euskara politizatzen dabiltzala, euskal kultura eta euskal ondarea. Adibidez, mapen kontuarekin hori gertatzen da. Herri baten kultura adierazpena da, ezin dugu esan euskara Errumanian hitz egiten zela, hitz egin zenik ez badakigu, ez? Oso berri tristeak dira, baina guk jarraituko dugu bidea egiten, tristura eta desadostasunaren gainetik.
Zein aldarterekin hartzen duzu aurtengo Nafarroa Oinez?
Nafarroa Oinez guretzat azterketa bat bezalakoa da. Urtero zerbait geratzen da prestatu gabe eta bukaerarako beti zer edo zer geratzen da, baina beti urte osoa eskaintzen diogu. Izan, esan, gozan. Urriaren 19an guztiek joan behar dugu Zangozara. Ikastolen festa eta euskararen alde egiten den jaialdi handiena da. 1.500 boluntario egongo dira lanean. Aldarrikapen lekua da Euskaren Legeari ez esateko, LOMCEri ez esateko, liburuen kontuari ez esateko. Ibilita eta lagunekin egonda, gure erantzuna positiboa da aurretik aipatutako oztopoei. Nafarroa guztiak ikusi behar du euskararen alde jende andana dagoela. Berri negatibo batzuk ahaztea une batzuez, eta erantzun potenteez erantzunda. Aurten Zangonzan, datorren urtean Baztanen, 2016an Lodosan eta Vianan eta 2017an Lesakan guztiok egon behar dugu.
Pertsonalki nola bizi duzu?
Lehendakari izanda beste modu batez biziko dut. Hemendik hara eramaten zaituzte. Lehengoa nahiago nuen, lagunekin eta familiarekin disfrutatzen nituenean. Orain beste perspektiba batez ikusten dut. Urtero pozik joan izan naiz, eta aurten ere bai, eguerditik aurrera libre izanen naizelako. Ilusioz hartzen ditut oinezak eta hori ez da aldatuko. Nik euskara ikastolan ikasi nuen, pentsa zer den hori Caracasetik etorritako ume batentzat. 81. urtean Altsasun bizi izan nuen lehenengoa, jendetza gogoratzen dut ordutik. Horregatik beti puntu erromantiko batekin ikusi izan dut. Erantzukizun kontua da Nafarroa Oinez, euskaren aldeko mugimendu potentea lortzeko. Eta lehendakari moduan, ikastolen mugimendua aldarrikatzea ahalbidetzen dit: hezkuntza soziala eta auzolana.